Egun 60 haur eta gaztek partehartzen dute ‘Kirolaren irria denontzat’ egitasmoan. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren helburua taldeak lurralde osoan zehar, eskualde ezberdinetan hedatzea da. Proiektua ezagutaraztea eta diruz laguntzea du xede datorren otsailaren 9an arratsaldeko 18:00etan Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo den Irrien Lagunen Jaialdiak: Kantu eta dantza Irrien Lagunen Piratekin! Ane eta piratak taldeak lagunduta, kirol egokituan diharduten haurrak izango dira protagonista. Gaztelumendi anaiek eskuhartuko dute bertsotan, Donostiako Suhiltzaileak ere bertan izango dira, eta baita Dinbi Banda batukada taldea, Salto Bera Bera saskibaloi taldea, Donostiarra Arraun Elkartea, Hibaika Arraun Elkartea, Goenkaleko aktoreak eta Realeko kideak ere.
Gazte gera gazte eta
mugitu, mugitu,
kirola gorputzera
ondo egokitu,
otsaila(re)n be(der)atzian
gurekin gelditu,
zure elkartasuna
nahi degu sentitu,
kirolak irribarre
danak behar ditu!
Beñat Gaztelumendi