ESKOLA KIROLEKO GIDA

Eskola kiroleko denboraldi berri bat martxan dugu eta honako gida honen bidez, denboraldi honen kontuak azaldu nahi dizkizuegu. Garrantzitsua da denok norabide berean lan egitea gure eskola kirola haurrentzat hezigarria izan dadin. Helburu horrekin eta zalantzak argitzeko asmoz hona hemen aurtengo Eskola Kirolaren GIDA:

1.- GURASO ARDURADUNEN ZEREGINAK

 Talde bakoitzari bi guraso arduradun jartzen dizkiogu eguneroko antolakuntzan laguntzeko. Talde guztien gainean egotea ezinezkoa zaigu, beraz, taldearen jarraipena hobetzeko jarritako figurak dira.  Honek ez du esan nahi guraso arduradunak jardunaldi guztietara joan eta joaten denetan taldearen eta haur guztien ardura duenik. Jardunaldietan beti gurasoren bat izango dela ziurtatu beharko du baina ez du zertan bera izan beharrik, ardura hauek guraso guztien artean banatu behar dira. Guraso guztien lana da taldearen gainean egon eta jardunaldiak ahalik eta ondoen ateratzeko ahaleginak egitea.

Zereginak:

  • Asteburuan zenbat kide izango diren gainbegiratu. Gutxiegi badira koordinatzaileari jakinarazi garaiz neurriak hartzeko. (antolatzaileari jakinarazi, taldea osatzeko kirolariak hartu edo aurkariari esan bertan behera geratzen dela jardunaldia)
  • Jardunaldira taldea laguntzera guraso bat gutxienez joango dela ziurtatzea.
  • Entrenatzaileekin harremanetan jarri eta taldeko komunikazioa hobetzeko whatsapp taldea sortzea. Taldeko gurasoen artean informazioa erraz zabaldu eta elkarren artean konfiantza izateak asko laguntzen du taldearen egunerokoan sortzen diren egoeretatik ikasteko. (talde batzuk whatsapp gabe ere komunikazio handia lortzen dute)
  • Taldeko inork ezer adierazi nahi badu, haien iritziak koordinatzaileari helaraztea.

2.- GURASO GUZTIEN ZEREGINAK

  Guraso arduraduna taldea eta koordinatzailearen arteko zubia sendotzea den bezala, guraso guztiek dituzte ardura propioak eta hauek oso garrantzitsuak dira. Norbere ardurak beteta dena errazagoa izaten delako:

 Zereginak:

  • Zuen seme-alaben taldeak guraso arduraduna duen ala ez ziurtatu eta taldeko komunikazio taldea osatua dagoen jakitea.
  • Norbere seme-alaba jardunaldietara joatea animatu eta motibatu. Ezin duten egunetan ahal bezain laster entrenatzaileari jakinarazi antolaketan kontuan izan dezaten. Seme-alabek oso gustuko ez duten kiroletan ere parte hartzera animatu eta motibatu. Helduok eragin handia dugu haurren aurreiritzietan eta talde eta antolatzaileekiko konpromisoa hartu genuenez, hori ondo betetzea etxeko lan garrantzitsua da.
  • Jardunaldietan gure taldeko haurren, helduen eta entrenatzaileen jarreren erantzule gara guztiok. Jarrera ezkorrik ez  dugu onartuko eta taldean giro ona eta umorea nagusi izatea denon ardura da. Giro onarekin gauza gehiago landu ditzakegu eta sortzen diren gatazkak askoz errazago konponduko ditugu.
  • Taldeko haur guztiei animatu eta babesa eman. Ondo egiten dituzten gauzak azpimarratu eta jardunaldiak festa izan daitezen umoretsu etorri.  
  • Norbere seme-alabak taldekide guztiei parte hartzen laguntzen diela ziurtatu. Lagun denak kontuan izaten dituztela ziurtatu eta hala ematen ez bada gaia landu seme-alabekin.
  • Euria eta eguraldia hotz dagoenetan, jolastu berri duten haurrei janztea gogoratu, bustita daudenei aldatzeko esan, ura eraman… Entrenatzaileak nahiko lan badute bestela ere eta gurasoen begirada oso ondo dator kontu hauetarako.
  • Entrenatzaileei zuen babesa eta konfiantza erakutsi. Haiek gustura egon daitezen konfiantza giroa sortu eta zuen babesa adierazi.

Tartean behin egitea oso ederra litzateke:

  • Taldeko giroa eta harremanak hobetzeko balio dezakeen edozein ekintza antolatu (hamaiketako, bazkari… eta antzerako ekintzak asko sendotzen dute taldea eta larunbatetako jardunaldia). Talde batzuk jardunaldiro antolatu izan dute hamaiketakoa eta beste batzuk tarteka bazkariak ere egin dituzte. Inork denboraldi amaieran ere egin dute festatxoren bat guraso eta haurrak elkarrekin. Halako ekintzak, jardunaldi eguna asko janzten dute. Jolastutako momentuaz eta emaitzaz gain osagai asko gehitzen dizkiolako eta haurrak jolasten egun ona izan ez arren beste gauzekin gustura egon eta disfrutatzen laguntzen dietelako.

3.- KAMISETA

  Kiroletako kamixeta berriak atera genituan aurreko urtean. Erosi nahi duenak gurekin kontaktuan jarri beharko du. 30 euro balio ditu eta bere baitan ditu kiroletako kamixeta berdea eta zuria. Biak bat.

hemen duzue kamixeta berrien diseñua ikusgai:

Kamiseta berdea

Kamiseta txuria

4.- EGUTEGIA

  Egutegia osatzen ari gara. Dena lotuta izandakoan zintzilikatuko dugu.

5.- TALDE MISTOAK

   Urteetako hausnarketa eta hainbat lanketaren ostean, duela 3 denboraldi ekin genion LH3ko ikasleekin talde mistoetan parte hartzeari. Jakitun gara aldaketa honek lanketa handia eskatzen duela eta eskola kirolaren inguruan gabiltzanok hezkidetzan hezteak duen garrantzia. Hala, formazio eta hausnarketa saioez  osatu genuen talde mistoetara pasatzeko apustua.

  Badakigu bide honetan, ikastetxeen artean, irizpide eta abiadura ezberdinak daudela eta honek lehen urteetan egoera bereziak sortu ditzakeela. Beti talde mistoen kontra ezin jolasteak egoera bereziak sortzen ditu eta helduon lana da egoera horiek hezigarri bilakatzea. Egun, ikasleen artean, mutil eta nesken artean ikusten ditugun arazoak gainditzeko bide bat dela uste dugu. Adin hauetan kirol maila oso ezberdinak daude parte hartzaileen artean eta hori berdin gertatzen da talde misto eta ez mistoetan.

  Orain arte ikastola barneko ekintza eta txapelketetan izandako emaitzak oso positiboak izan dira. Azken urteotan, gure ikasleak, denak elkarrekin jolastera ohitzen ari dira eta ondorio garbiak ateratzeko bide honi urte batzuez heldu behar diogula sinetsita gaude. Eredu honen hasieran, beldur eta arazo nagusia, kide batzuek besteekin hainbeste ez kontatzea izaten da. Honen aurrean, guraso eta heldu guztion ardura da, gure seme alabekin gaia landu eta haien jolasteko moduaz hitz egitea. Gaitasun ezberdinetako kideen artean jolastean norbere maila moldatzen erakutsi behar diegu gure gazteenei (izan talde misto edo ez). Taldekideak errespetatu eta denei gozatzen eta ikasten laguntzeko baldintzak sortuz denok gehiago gozatuko dugu.

  Gainontzeko ikastetxe gehienek geroz eta maila gehiagotan talde mistoak dituzte.Benjaminetan dagoeneko gehienok talde mistoak ditugu.. Beraz, ahal dugun neurrian, gure taldeak, talde mistoekin jarriko ditugu jolasean nahiz eta jakitun garen tarteka ez mistoekin aritzea tokatu ahal zaigula edo antzeko eskolen aurka egitea tokatuko zaigula (batez ere LH6ean). Egoera guztietatik ikastea lortzea dugu helburu eta horretarako oso garrantzitsua da eskola kirolaren inguruan gabiltzan heldu danok gertutik jarraitu eta babestea. Egoera edozein izanik ere hezigarria egin daitekeelako.

5.- WEGBUNEA ETA ASTEROKO INFORMAZIOA

  Eskola kirolari buruz dagokion informazio guztia www.salbatoreskolakirola.com helbidean zintzilikatzen dugu. Bertan, astero informazioa posta elektronikoan jasotzeko aukera dago. Bertan izena eman eta astero bidaliko dizuegu jardunaldiaren berri eta tartean behin hausnarketarako hainbat testu eta albiste ere.

6.- ENTRENAMENDUAK

    Astean entrenamendu bana du talde bakoitzak. 16:30etatik 17:30etara. Euria egiten duenerako ez dugu azpiegitura nahikoa taldeek aterpean entrenatzeko beraz entrenamenduak bertan behera geratzen dira. Aurten gure jolas eremua erabili ezinik izango gara berrikuntza lanak direla medio, beraz, laister jakinaraziko dizuegu zein espazio erabiliko ditugun saio hauek egiteko.

7.- IKASTAROAK

  Eskola kiroleko ekintzen barruan ikastaro ezberdinak eskaini izan ditugu urteetan: Txirrindularitza, atletismo, xakea, pilota eskola… ekintza hauek aurrera ateratzeko guraso eta ikasle ohien laguntza beharrezkoa da. Saio hauek gidatzera animatuko diren jendea behar dugu. Aurreko urtean, gurasoen iniziatibari esker, pilota eskola martxan jarri genuen. 2 egunez pilotan eta frontoiko beste kiroletan jardun ahal izan zire gure ikasleak. Esku bat bota nahi duen edonor gurekin harremanetan jarri dadila.

8.- KIROL AZPIBATZORDEA

  Guzti hau aurrera eramateko Kirol Azpibatzordea dugu. Kirol koordinatzailea, ikastolako langileren bat eta gurasoez osatutako taldetxoa da. Hilean behin elkartzen gara eta eskola kirolaren inguruko kontuak antolatzen ditugu. Bertan parte hartu nahi duen oro ongi etorria izango da.