Eskola kirola IZEN EMATEA

ESKOLA KIROLA 2021-2022

  Kurtso berria martxan dugu eta eskola kirola martxan jartzeko lanean ari gara. Aurreko denboraldia oso berezia izan zen, baldintzak gogorrak izanagatik ere, gurasoen borondate eta parte hartzeari esker, ekintza pila bat aurrera eraman ahal izan genituen. Beste behin, bihotzez eskertu nahiko genizueke guztioi egindako lana.  Aupa zuek!

  Aurtengoan, eskola kirolean eredu “normalagoa” egin ahal izango dugula dirudi. Oraingoz, asteburuetan, jardunaldiak egin ahal izango ditugu. Pandemia aurretik izaten genituen pilaketak ekiditeko, jardunaldien antolaketa ezberdina izango da. Printzipioz, lehiaketarik gabeko jardunaldi solteak antolatuko ditugu eta ahalik eta kirol ezberdin gehien lantzen saiatuko gara. Baina dena partaide kopuru eta kirol bakoitza kudeatzen duen elkarteen baldintzen arabera moldatuko dugu.

  Duela urte batzuk ekin genion gure taldeetan eredu mistoa ezartzeari eta erronka horri helduz, aurten ere, talde mistoak osatuko ditugu. Izen ematearen arabera, ikasgelako burbuilak errespetatuz, bi talde osatuko ditugu gelako. Astean jolas egun bat izango du talde bakoitzak 16:30etatik-17:30etara. Inork, tokatutako egunean parte hartu ezin badu, bere gelako beste taldearekin jolasteko aukera izango du, eta jardunaldiak bere taldearekin jolastuko ditu. Jolas saio egunak horrela banatuko dira:  LH3: astelehena edo asteartea, LH4: asteazkena edo osteguna, LH5: astelehena edo asteartea, LH6: asteazkena edo osteguna. Banaketa hau hurrengo urteetan ere horrelaxe mantenduko da, gurasoen eskolaz kanpoko ekintzen antolaketan laguntzeko. Dagoeneko, urtero zein egun tokatuko zaizuen badakizue.

  Beste behin, gurasoen laguntza behar beharrezkoa dugu. Aurreko urtean indartu zen gurasoen sarea mantendu nahiko genuke. Talde bakoitzari, DBH-ko ikasle begiraleez gain, bi guraso arduradun jarriko dizkiegu. Taldearen egunerokoan sortzen diren kontuak gainbegiratzea izango da guraso hauen ardura. Koordinatzailea eta taldearen arteko zubi lana. Ardura txikia da baina oso beharrezkoa gure antolaketarako, beraz, parte hartzea asko eskertuko dugu. Begirale lanetan aritu nahi duen gurasorik bada ere jarri gurekin kontaktuan.

  Irailean zehar, egutegia, taldeak, jolas saio egunak, guraso arduradunak… antolatzen jardungo gara. Eskola kirolean parte hartu nahi duenak, ondorengo izen emate orri guztiak bete beharko ditu. Eskola kiroleko izen ematea eta datu pertsonalen babeserakoa.

  Edozein zalantzetarako hesteban@zarauzkoikastola.net helbidera idatzi edo deitu 605704395 telefonora.

  Pasatzen ari garen garaiotan, garrantzitsua iruditzen zaigu lagunekin jolastu eta gozatzeko ekintzetan parte hartzea. Zuen laguntzarekin, denboraldiari ahalik eta zuku gehien aterako diogulakoan, animatu seme-alabak izen ematera eta zuek guraso arduradun bezala laguntzera.

  Mila esker aldez aurretik.

KIROL AZPIBATZORDEA