Kurtsoan zehar, hausnarketarako tartea ere egin nahi dugu, gure kirol eredua hobetu daitekeela sinisten dugulako. Azken aldian, oso kezkatuta gaude, gure zelaiaren erabilerarekin. Zelai berri eta zoragarria dugu ikastolan. Zelai zaharrak zituen arazo asko konpondu baditu ere… berriak badu oraindik herentzian jasotako arazo bat. Jolas ordu eta eskolaz kanpoko orduetan, zelaiaren %90 mutilek erabiltzen dute, neskak aldiz bazterretan jarduten dira. Zelaiaren %75a futbolerako bakarrik erabiltzen da eta % 15a Saskibaloirako. Zelai berriarekin, saiatu gara jolas berrientzat
tokia egiten. Brilet eta jolas libreetarako eremutxo bat dago orain. Pausu txiki bat besterik ez da maratoiaren hasieran. Egiteko lan asko dugu eta ez zelaiaren antolaketan soilik… baina egoera honek ezin du luze iraun… gure seme-alabak aske hezi nahi baditugu behintzat.
Hona hemen gai honen inguruan topatutako testu interesgarri bat:
2012-06-23 Bira
Zelai galdua
Idurre Eskisabel
Neskato izateak bazterreko egiten ninduela jabetu nintzen 7-8 urterekin. Izan ere, ordura
arte jolas zutena albora utzi, eta jokatzeari ekin zioten gure gelako mutikoek, futbol
partida «serioak» antolatzeari, eta, nonbait, arauen barruan zegoen gu kanporatzea.
Batetik, neska izate hutsagatik «txarrak» ginen —nahiz eta ordu arte gure gelako
futbolaririk onena neskato bat izan—, eurekin jokatzeko «ezgauza». Bestetik,
jolastokiaren antolaketa berri bat ezarri zuten: jolas nahas-mahasaren ordez, futbola,
bihurtu zuten zelaiaren erdigune —eta, ondorioz, mutilak—. Txokora, berriz, brile,
goma, soka, kromo, dantza eta los angeles de charlie-ka jolasten ginenok; hau
da, neskak eta futbola gogoko ez zuten mutil bakan batzuk —gogorra haiena, beti
susmopean—. Ez genuen irakasle eta gurasoen babesik izan, ume kontu normalak ziren.
Hala ere, haserre, eserialdia egin genuen jolastokiaren erdian, eta geure egin genuen
zelaia, harik eta mutilek baloikadaka eraso ziguten arte. Eutsi genion pixka bat, baina ez
ginen martiritarako jaio. Zelaia galdu genuen.
Gaur, ñañoa bada ere, zatitxo bat berreskuratuko dut, Euskal Herriko selekzioak
Anoetan jokatuko duen partidari esker.
Orioko ikastolan adibidez, baloirik gabeko eguna ospatzen da astero… ez da batere ideia txarra!
Egindako hausnarketa kontutan izatekoa iruditzen zait. Ze bereizketa neska eta mutilen artean ezta? baina horretaz gain ere mutila izanda ere zein zaila den kirol indartsu horietan (futbola…) hain iaioak ez diren mutilak ere beren kontsiderazioa izatea. Horretan ere hausnartu beharko genuke, eta zer esanik ez, gurasook hor zer eragin egin dezakegun, konpetibitate alderdi horri beste perspektiba emanez. Denok izan behar dute lekua, neskak, mutilak, iaioagoak direnak, ez direnak…